Oinarri filosofia
Hauek dira egitasmoaren oinarriak, gure ideiak, alegia:
- Osasun psikologikoa oinarrizko eskubide unibertsal bezala. Guri dagokigunez honek doakoa izan behar duela suposatzen du, dirua ez duten pertsonek ere eskubide hau izan dezaten; gaur egun asko dira/gara egoera horretan gaudenak gainera.
- Berdintasunik gabeko harremanen izaera kaltegarria. Karitateak beregain berdintasunik gabeko harreman bat duela uste dugu, bi aldeetako batek jaso bakarrik egiten duelako eta besteak eman bakarrik. Horrela, ematen duen pertsonarengan botere bat sortzen da eta jasotzen duenarengan berriz mendekotasuna. Arrazoi honengatik ez darabilgu karitaterik.
- Pertsona guztiok gaitasunak eta trebetasunak ditugu. Hontan guztiok berdinak gara, denak ditugu eta gainera erabiltzeagatik ez zaizkigu inoiz bukatzen!
- Hartu-emanaren izaera sendatzailea.Terapeuta den pertsonak bere gaitasunetako baten ordu bat eman dezake eta terapia hori jasotzen duen pertsonak bere beste edozein gaitasunetako baten ordu bat eman dezake. Hala terapia jasotzen duen eta terapia ematen duen pertsonak baldintza berdinetan daude: biek gauzak behar dituzte eta eskatu egiten dituzte, eta biak ala biak beste pertsonen beharrak asetzeko gai dira eta lortzeko lan egiten dute. Sistema honetan terapia diruz ordaindu ezin duen pertsona beste edozein pertsona bezain baliotsua da, bere terapeuta barne. Hontaraino iristea berez sendagarria dela uste dugu.
- Kutsadurarik gabeko harreman terapeutikoa. Gaitasun edo trebetasunen elkartrukatzea terapia egiten eta jasotzen duen pertsonaren artean ez ematea egokiagoa dela uste dugu, bi pertsona hauen arteko harreman terapeutikoa beste harreman paralelo batekin kutsatzeko arriskua egon daitekeelako. Arrazoi honengatik terapia ematen duen pertsonak bere pazienteak ez diren pertsonengandik jasoko ditu gaitasun edo trebetasunak eta terapia jasotzen duten pertsonek beraien terapeutak ez diren beste pertsona batzuei itzuliko dizkiete gaitasun edo trebetasunak.
|
Oinarri hauen barruan beste era bateko gai batzuk ere argitara ateratzen dira, ondorengo lerroetan aipatzea garrantzitsua deritzogunak:
- Pertsona talde bat gara, ez gara ez GKE bat ezta erregistratutako elkarte bat, fundazio bat edo antzekorik ere. Ez diegu gobernuei edo erakunde publikoei dirulaguntzarik eskatzen gure independentzia mantentze aldera.
- Gure antolakuntza era horizontala eta asanblearioa da, ez dago ordezkari edo presidenterik.
- Terapia egiten duten pertsonak osasunaren profesionalak izango dira, beraien formakuntza bermatzen duen legezko titulu bat izan behako dutenak.